Ataungo  Udalaren INFORMAZIO  ZUZENA  Whatsappez bidez  jasotzeko aukera duzue. Mezuak jaso nahi badituzue:

1. GORDE zuen telefono mugikorreko KONTAKTUETAN  616 758 758  telefono-zenbakia.

2. BIDALI Whatsapp mezua: “INFORMAZIOA JASO NAHI DUT”  616 758 758 Telefonora.

 

AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNA

Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna

 

ATAUN: INDARKERIARIK GABEKO BIZITZEN ALDE

Bizitza libre, bizigarri eta alaiak izateko eskubidea daukagu guztiok, indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzeko eskubidea, errespetuan oinarrituta, emakumeon esku ere badagoelako bizi garen  sistema-kultural honetan eragitea.

Azaroak 25 honetan, emakumeen kontra egiten den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela salatu nahi dugu. Gure herrian ez dugu bakerik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen duten bitartean. Horregatik, Ataun indarkeria matxistarik gabeko gune izateko ardura hartu dugu, emakumeen aurkako indarkeriaren edozein adierazpideren aurrean irmo erantzunez. Erailketa matxisten aurrean erantzutearekin batera erantzun behar diegu erailketa hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria  mota guztiei, gure egunerokoan,  jendartearen onarpen zabala izaten jarraitzen dutenak eta normalizatuak mantentzen direnak. Emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko erabiltzen diren umiliazioen, tratu txarren edota irainen bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoaz edo soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoaz ari gara.

Baina ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitea, guztion ardura ere bada. Denon erantzukizuna da, bakoitzaren eragin-eremutik, indarkeria matxistarekin amaitzea: erakunde publiko, hezkuntza-eragile, kultur-eragile eta herri-eragileena. Gutako bakoitzarena, familiena eta lagun kuadrillena.

Gu denon ardura da, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitzak bizi ditzaten lan egitea. Bizitza libre, bizigarri eta alaiak.

 

Ataungo EH Bildu

Ataungo EAJ

Jentilbaratza Kultur Elkartea

Otsoak Dantza Taldea

Torto Ataungo Gazte Asanblada

Biboletak Ataungo Emakumeen Taldea

Joxemiel Barandiaran Herri Ikastetxea

Agauntza Guraso Elkartea

Atsedentoki Jubilatuen Elkartea

Barandiaran Museoa

Otsotarrak Kontsumo Elkartea

EGITARAUA

Azaroaren 22a, ostirala:

Joxemiel Barandiaran herri-ikastetxean, 15:30etik 16:00etara: 

  • Gela bakoitzak egin duen leloa aldarrikatu eta ikasleen bertsoak abestu.
  • Guraso Elkartearen adierazpena irakurri.

 

 

Asteburuan zehar:

Gaztelekuan emakumeen aurkako indarkeriari lotutako dinamikak egingo dituzte.

Herri Antzokian Helena Tabernaren Nagore filma emango da, Biboletak taldeak antolatuta.

 

Azaroaren 25a, astelehena:       

 

San Martingo plazan,18:30ean (eguraldi txarra bada, Kalustran)

  • Indarkeria jasan duten Ataungo emakumeen testigantzak.
  • Otsoak Dantza Taldearen eta Jentilbaratza Kultur Elkartearen dantza-ikuskizuna.
  • Ataungo elkarteek eta eragile politikoek adostutako adierazpena irakurri.

 Antolatzailea:

Ataungo Udaleko Berdintasun Batzordea